N240 eta BI625 errepideetan garraiolariei bidesaria kobratzeko egitasmoa urtarrilaren 1ean martxan jartzeko asmoa bazeukaten ere, gutxienez hilaren amaierara arte atzeratuko da, Imanol Pradales Azpiegitura diputatuak adierazi duenez; helburua sektoreari informazioa ematea da.
Diputatuak adierazi duenez, “ez dugu presarik kobratzeko”, eta “helburua sektorea sistema ohitzea eta informatzea da”. Gehiago jakin nahi duenak 900 840 048 telefonora dei dezake, baina ez dago ezer berezirik, errepide horietan jarri diren arkuetatik pasatzen direnenei bidesaria kobratuko zaie. Horretarako matrikula irakurtzen duten gailuak jarri dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere aurtengo urtarriletik aurrera garraiolariei bidesaria kobratuko diela aurreratu zuen, baina oraingoz ez du jakinarazi noiz jarriko den martxan. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako foru diputatuak iragarri zuen Diputatuen Kontseiluak zehaztuko duela data zehatza, baina oraingoz ez du egin.
Bi lurraldeetan free flow sistema antolatzea oso garestia izan da. Gipuzkoan, besteak beste, matrikulak irakurtzeko gailuak eta kamerak jarri dituzte NI eta A15 errepideetako irteera eta sarrera guztietan eta zenbait arku ere bai.
Epaitegiek bidesaria ezartzeko eta kudeatzeko foru-arauak baliogabetu zituzten, baina Aldundiak ez dizkie garraiolariei itzuli 2018tik modu irregularrean kobratutako kopuruak, 40 milioi euro guztira.
Kamioiei bidesaria kobratzeko formula berria da Bizkaian. Pradalesek adierazi du garraio astuna trafikoz gainezka dauden bigarren mailako errepideetatik A8 eta A68 autobideetara eraman nahi dutela. Sindikatuaren iritziz, argi dago dirua biltzeko grina; izan ere, helburua kamioiak autobidetik ibiltzea balitz, nahikoa litzateke ibilgailu astunei bidesaria kentzea.
3,5 tonatik gorako salgaiak garraiatzeko ibilgailu astunen matrikulak identifikatzeko arkuak erabiliz egindako ordainketa-sistemak kamioiek gelditu behar izatea saihestuko du. Lehenik eta behin, Arratiako bailaran, Barazarrera igotzen den N240an eta Basauritik Llaudioraino, Urduñatik barrena BI625 errepidean jarriko da. Hilabete batzuk barru beste hiru errepidetan jarriko da martxan: Txorierriko korridorean, N636 errepidean Durango eta Kanpazar artean, eta A8 errepidean Bilbo eta Kantabriako mugaren artean. Zati horiek 101,7 kilometro dituzte guztira.
Berehalakoa izango da Barazar eta Urduñako errepideetan. 7,5 tonatik gorako kamioi astunarekin zirkulatzen duten garraiolariek 17,34 euro ordainduko dituzte Barazarren, Usansolotik Arabako mugara bitarteko tartean, 3,5 tonatik gorakoek 12,11 .
Hona hemen N240 eta BI625 arauetako bi noranzkoetan aplikatuko diren tarifak:
Ondorengoak dira N240 eta BI625 errepideetako tarifak kamioientzat
N240 (BEZa barne)
3.5 tonatik gora | 7.5 tonatik gora | |
USANSOLO | 0,43 | 0,48 |
BEDIA | 1,62 | 1,82 |
APARIO | 0,61 | 0,68 |
IGORRE NORTE | 0,32 | 0,37 |
IGORRE SUR | 0,69 | 0,77 |
ARANZAZU | 0,87 | 1,36 |
AREATZA | 1,22 | 1,90 |
ZEANURI | 0,66 | 1,03 |
BARAZAR | 5,78 | 8,93 |
BI625 (BEZa barne)
3.5 tonatik gora | 7.5 tonatik gora | |
ARAKALDO | 0,45 | 0,50 |
ZOLLO | 0,94 | 1,05 |
BAKIOLA | 0,23 | 0,26 |
UGAO-MIRABALLES | 1,01 | 1,13 |
ZARATAMO | 0,64 | 0,72 |
LAPATZA 1 | 0,40 | 0,44 |
IRUBIDE | 0,36 | 0,40 |