Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Laguntza ofiziala urria denez, garraiolariek nahita ere ezin jarduera aldez aurretik utzi

Oso urriak dira garraiolariak aurretik erretiratzeko ematen diren laguntzak, eta ez dira jarduera utzi nahi eta eskaera egiten duten guztientzat iristen. Gutxi batzuentzat soilik, lautik hiru laguntza gabe gelditu dira aurten ere. Ezintasunen bat daukatenek eta 65 urtetik gorakoen artean batzuek jasoko dute 30.000 euroko laguntza. Hortik azpikoek ezer ere ez. Gasteizko Garraio sailak ematen duen laguntza ere huskeria da. 

Bai Madrilgo Gobernuak bai Gasteizkoak dagoeneko argitaratu dute jarduera behar baino lehenago uzteko laguntza jasoko duten garraiolarien zerrenda. Ezin da esan aurrez erretiratzeko laguntzak direnik; izan ere, laguntzak motzak dira, ez dute helburu hori betetzeko nahikoa; ez dago, beraz, aldez aurretik erretiratu daitekeen garraiolaririk; soilik gidari gisa jarduteko ezintasunen bat aitortuta dutenek dute aukera. Aurten ere, ezintasuna dutenentzat eta 65 urte baino gehiago dituztenentzat baino ez da iritsiko Madrilgo laguntza. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak 63 urte bete dituztenei ematen dien laguntza ere ez da nahikoa: 12.300 eurokoa da garraiolari bakoitzeko, eta 18-24 hilabetez bizi beharko du kopuru horrekin, autonomoen kuota ordaindu, kotizatu, etab.

Madrilek jarritako 9,6 milioi euroko laguntza oso urria izan da, oso motz geratu da eta lau eskatzailetik hiru ezer gabe geratu dira aurrekontu faltagatik. Hiruko zazpi afiliatuk soilik jasoko dute 30.000 euroko laguntza hori. Praktikan, 65 urtera arte eta adin horretatik gora lanean jarraitzen dutenei ematen zaien saria da. Lehenago utzi nahi dutenek ez dute dirurik jasoko. Aipatzekoa da 2022ko martxoan garraiolariak lanuzte eta protestan zirenean, urte horretarako eta hurrengo urterako aurrekontua 10 milioi eurotik 20ra bikoiztuko zuela iragarri zuela Gobernuak. Baina ez dute konpromisorik ere bete. 2023ko aurrekontua erdira itzuli da. 65 urte dituzten asko eta gutxiago dituztenak kanpoan geratzen dira. 63rekin utzi nahi dutenek, gehienak, adin horrekin errepideetan ordu luzez ibiltzeko gai sentitzen ez direlako, Gasteizko Garraio Sailak ematen dituen apurrekin konformatu behar dute.
Garraiolariak erretiratzeko laguntza handitu egin dutela esaten aritu dira hilabeteotan Eusko Jaurlaritzako Garraio Saileko agintariak, baina emaitza aurreko urteetan bezain miserablea da. 63 urterekin erretiratzen diren garraiolarientzat emandako laguntza hori 12.300 eurokoa da erretiroa hartzen duen garraiolari bakoitzarentzat. Diru horrekin pare bat urtean bizi eta erretiro adina bete arte dagozkien ekarpenak egin beharko dituzte. Zalantzarik gabe, helburu zaila jasotako kopuruekin.

Garraiolariak 60 urterekin erretiratzeko Administrazioak neurriak hartu beharko lituzkeela eskatzen ari da Hiru aspalditik, baina urtero berdinarekin egiten du topo. Laguntza publikoak urriegiak dira eta garraiolariek ez dute aldez aurretik jarduera neketsu eta gogorrari amaiera duina emateko aukerarik, nahiz eta urte askotan horretan jardunak izan. Ondorioz ez dago erreleborik. Beste lanbide batzuei aitortzen zaie 60 urterekin erretiratzeko aukera, ez, ordea, garraiolariei. Horrek belaunaldien arteko erreleboa zailtzen du. Garraioa ez da erakargarria, arrisku handiko jarduna da eta ez da gidari gazterik sektorean. 

MITMA Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioko Lurreko Garraioaren Zuzendaritza Nagusiak uztailaren 11ko BOEn argitaratu zuen 2023an errepideko garraioaren jarduera bertan behera uzteko laguntza jasoko dutenen zerrenda. Aipagarria da ezintasunen bat dutenentzat edota 65 urtetik gorako garraiolarientzat iritsi dela soilik. Deialdi honek, aurten ere, 9 ‘6 milioi euroko aurrekontu eskasa izan du, eta, aurrekontu hori ez da nahikoa izan ez eskatu duten guztien erretiroa errazteko ezta sektoreak dituen beharrak asetzeko. Horrela, soilik Hiruko zazpi garraiolarik jasoko du 30.000 laguntza; guztira 321 dira onuradunak; azken urteetan erretiroa hartu ahal izan duten garraiolari kopurua da, antzeko joerari eutsi dio, aurten ere. Eskatzaileen % 74, hau da, 889 garraiolari, laguntzetatik kanpo geratu dira, nahiz eta dirulaguntza emateko beharrezko baldintzak bete. Horrez gain, beste 211 garraiolari ere kanpoan geratu dira, baldintzaren bat ez betetzeagatik. Onuradunen zerrenda osoa Garraio Ministerioaren webgunean kontsulta daiteke, esteka honetan: https://cdn.mitma.gob.es/portal-web-drupal/sede_electronica/documentos/resolucion.prov.abandono.2023_vi.pdf

Garraioa uzteko laguntzen aurrekontua eskasa dela salatzen segituko du Hiruk, eta datozen urteetan kopuru hori nabarmen handitzea eskatuko du. Eusko Jaurlaritzak gehiago lagundu diezaioke garraioari. Aitortzen dute garraiolariak funtsezko lana egiten duela euskal gizartearentzat eta industriarentzat, baina gero ez du hori kontuan hartzen, garraioa bultzatzeko neurriak hartzerakoan, ezta erretiro aurreratua bultzatzeko eta 60 urte bete ondoren jarduera utzi nahi duten garraiolariei laguntzeko orduan ere. Arriskutsutzat jotako beste lanbide batzuek, poliziek edo suhiltzaileek, esaterako, erraztasun gehiago dituzte adin horretan uzteko.