LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek urtarrilaren 23an Iruñean emandako prentsaurrekoan ohartarazi zuten Nafarroan lan-istripuek gora egin dutela, eta kontuan hartuta “lan-ezbehar asko errepidean gertatzen direla”, Nafarroako agintariei eskatu diete “berehalako neurriak har ditzatela desplazamendu kopurua murrizteko”.
besteak beste, etxetik lan egiteko aukera, enpresek mugikortasun-planak aktibatzea eta, azkenik bai errepideetan bai Nafarroako garraio publikoan hobekuntzak egitea.
LABeko Inko Iriartek eta Hiru garraiolarien sindikatuko Jon Altunak, guztien izenean, salatu zuten Nafarroan astebetean, urtarrilaren 10etik 17ra, lau langile hil direla istripuz, horietako hiru errepidean. Hiruko ordezkariak adierazi zuenez, hilean batez beste garraiolari bat hiltzen da lan-istripuan, baina urtarrila bereziki tragikoa izan da, hiru euskal garraiolari hil baitira dagoeneko errepideetan: Transportes Goitia enpresan lan egiten zuen 59 urteko irundarra, hilaren 5ean, arratsaldean, Osera de Ebron (Zaragoza); 54 urteko beste garraiolari bat, hilaren 9an, Bilboko portuaren inguruan; eta 59 urteko hirugarren bat, hurrengo egunean, urtarrilaren 10ean, zisterna-kamioi batek eta garabi-kamioi batek aurrez aurre talka egin ondoren, N121 errepidean, Iruña eta Tutera artean, Cadreita herriaren parean.
Hildakoen adina azpimarratu zuen Jon altunak: “50 urte baino gehiagorekin, arriskuak areagotu egiten dira gaixotasun kardiobaskularra izateko, konortea galtzeko eta istripu hilgarri bat izateko”. Gogorarazi zuen garraiolarien aldarrikapen historikoa dela 60 urterekin erretiroa: “garraiolariak aspalditik ari dira hori eskatzen, aitortzeko beste profesional batzuei aitortzen zaiena, hala nola suhiltzaileei edo poliziei bezala. Bestalde, adierazi zuen administrazioek kontuan hartu beharko luketela sektorean afekzio kardiobaskularren kopurua laneko arriskuen prebentziorako planak finkatzerakoan.
LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek Iruñeko prentsaurrekoan adierazi zutenez, datu horiek “alarma guztiak piztu” beharko lituzkete, eta Foru Gobernuari berehalako neurriak hartzeko eskatu zioten, joan-etorri kopuru handia murrizteko.
Sindikatuek salatu dutenez, 2021az geroztik, Nafarroan joera kezkagarria dago zirkulazio-istripuen ondorioz hiltzen diren langileen kopuru handiari dagokionez; azken urteetan, lan-istripuen tasak Espainiako altuenetakoak dira, eta errepidean hiltzen diren langileena ere oso altua da. Horren atzean faktore jakin batzuk daude: “zerbitzuen zentralizazio nabarmena Iruñean. Erabaki politiko jakin batzuen ondorioz herri eta haranetan eragindako despopulazioa; langileek kilometro asko egin behar izatea; funtzio publikoan lekualdatzeak, enpresek etxetik lan egiteko aukera nahikorik ez eskaintzea; errepideko arriskuak lan-arriskutzat ez hartzea, laneko osasun-arauek diotenaren aurka; prekarietatearen ondorioz, langileek kalitate eskaseko ibilgailuak izatea, eta, gainera, nahiko garraio publikoa ez izatea eta langileen beharretara bideratuta ez egotea.
Arrisku horien aurrean, enpresek mugikortasun-planak prestatu beharko lituzkete. “Plan horietan, langile bakoitzaren joan-etorriak hartuko dira aintzat, arriskuen ebaluazio zehatz bat egiteko eta neurriak hartzea proposatzeko. Enpresak bermatu behar du langileek planaren garapenean parte hartuko dutela. Hala, ordezkarien adostasuna nahitaezkoa da RD04/2010 Errege Dekretuan. Baina sorpresa! Mariano Rajoyren gobernuaren 231/2017 Errege Dekretuaren eguneratzeak ordezkari sindikalen beto-eskubidea ukatu zuen. Beraz, enpresek lanbide-gertakarien kotizazioetan deskontuak egiteko mugikortasun-planak egiten dituzte, beren planetan gomendatutako neurriak ezarri beharrik gabe. Argi dago aipatu ditugun portaerak iruzurra baino ez direla. Nafarroako Gobernuak errealitate horri erantzun behar dio eta odol isurketarekin amaitu”.
Sindikatuek proposamen zehatz batzuk egin zituzten mugikortasuna murrizteko: enpresa guztiek mugikortasun-planak egiteko, ISPLNko delegatuen eta teknikarien onespenarekin, mugikortasun-planetako neurriak arriskuen ebaluazioan txertatzeko, horiek ezartzea nahitaezkoa eginez; baita langileei laguntzak emateko ere garraio publikorako, garraio publikorik ez dagoenean ibilgailuak mantentzeko, garraio publikoa oro har hobetzeko eta errepide jakin batzuk mantentzeko. Era berean, neurri horien ezarpena eta mugikortasun-planak kontrolatzeko eta ikuskatzeko eskatu diote Administrazioari.