ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT, Hiru eta ENHE sindikatuetako kideek elkarretaratzea egin dute asteartean, eguerdiko 12.00etan, Iruñean, Nafarroako hiriburuko San Ignacio Etorbidea 3 kalean dagoen Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, apirilaren 30ean Iruñeko Landabengo industrialdean aparkatutako bere kamioian hilda agertu zen garraiolariaren heriotza salatzeko.
“Lan istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea” pankarta 25 aldiz atera dute sindikatuek aurten Euskal Herriko toki ezberdinetan. Izan ere, lan-istripuen estatistikak latzak izaten jarraitzen dute 2022ko lehen hilabeteetan: dagoeneko 25 pertsona hil dira Euskal Herrian aurten lan-istripuz, horietatik 5 Nafarroan, guztira. Azkena, apirilaren 30ean, hilda aurkitu zuten Landabengo Volkwagen-en parking batean, garraiolari bat bere kamioiaren barruan. Enpresak, ekoizpen-katean piezak falta zirela ikusi, hornitzailearekin harremanetan jarri, eta kamioia geolokalizatu zutenean izan zuten ez-beharraren berri. Foruzaingoa kamioira hurbildu eta hilda aurkitu zuen garraiolaria. Aipagarria da enpresa honetan heriotzaz jabetu zirela, pieza batzuk falta zituztelako, ez langilea falta zelako.
Gainera, badakigu istripu horietako asko ofizialki heriotza naturaltzat hartzen direla. Ez da sindikatuek salatzen duten lehen aldia: askotan, garraiolarien lan-istripuen estatistikak murrizten saiatzen dira, heriotzak heriotza natural edo errepideko ezbehar gisa hartuta. Horrelako gertaerak, sindikatuen ustez, zalantzarik gabe, lan-istripuak dira, enpresaren erantzukizuna baita bere instalazioetan deskargatzen duten pertsonen segurtasuna zaintzea.
Garraiolarien heriotza gehienak lan baldintza kaskarren ondorio dira. Tentsio eta estres mailak bihotzean arazoak eragiten ditu. Horregatik, diogu, garraiolarien artean gaitz kardiobaskularretan duen intzidentzia handia aintzat hartu beharko litzatekeela lan osasun eta prebentzio betebeharretan.
Hamaika garraiolari hil ziren errepideetan 2021ean, ia bat hilero. koronabirusaren krisiaren eraginez ekonomia jarduera urritu arren, laneko ezbeharren kopurua ez da gutxitu. Gora egin zuen, iaz, guztira 68 langile hil ziren lan-istripuetan, horietatik 20 Nafarroan.
Lan jardunaldi luze eta estuek, enpleguaren kalitate txarrak eta lan-prekaritateak hil egiten duela argi dute euskal sindikatuek, eta heriotza bat gertatzen den aldiro salatzen dute. Hainbat egoerak zailtzen du garraio duin eta segurua, besteak beste, enpresek eragindako presak eta presioek, lanaldi luze eta ordutegi estuek, kargen gehiegizko pisuak edota lanaren prezio desegoki eta kaxkarrek, besteak beste.