Madrilgo Gobernuak erdira baino gutxiagora murriztu du 2023an jardueratik erretiratzen diren garraiolariei laguntzeko aurrekontua. Argi dago ez dela nahikoa izango, gutxi batzuentzat iritsiko da eta garraioak aurretik erretiratzeko helburua ez du beteko, izan ere, ezintasunen bat dutenentzat eta 65 urtetik gorakoentzat soilik iritsiko da.
Asteartean, 2023ko martxoaren 7an, argitaratu zen errepideko garraiolari autonomo zaharrenei edo ezintasun-egoeran daudenei zuzendutako laguntzen deialdia, 9 milioi euroko aurrekontuarekin. Jarduera uzteko asmoa duten garraiolariek hilabeteko epean eska dezakete Garraio Ministerioaren egoitza telematikoaren bidez, baina jakin behar dute ziurrenik ez dutela euro bakar bat ere jasoko, gutxi batzuentzat iritsiko baita, eskatzen dutenen heren batentzat gutxi gorabehera, zaharrenetatik hasita. Aurrekontua erdira murriztu da iazkoarekin alderatuta, eta eskaera gehiago egongo direla aurreikusten dute.
2022ko martxoko grebaren ondoren, ministerioak garraiolari autonomoen jarduera uzteko aurrekontua bikoizteko konpromisoa hartu zuen; hala izan zen iaz, 19.830.000 euro erabili zituzten horretan, eta ez zen “aurrez” erretiratzeko baliagarri izan, soilik, baliaezintasunen bat zutenentzat, 65 urte betetako batzuentzat eta adin horretatik gorakoentzat iritsi baitzen. Argi dago ministerioak greban dauden garraiolariak lasaitu nahi zituela, baina ez du borondaterik garraiolariak 60 urterekin erretiratzeko aldarrikapena bultzatzeko; horixe eskatzen ari dira aspalditik garraiolariak.
Aspalditik ematen da laguntza hori, eta aldaketak egon dira aurrekontuari dagokionez: urtez urte aldatu egin da egoera ekonomikoaren eta Garraio Ministerioko arduradunen inplikazioaren eta konpromisoaren arabera. Hala, bereziki esanguratsua izan zen 2009. urtean plan horretarako onartutako aurrekontua, 120 milioi euro guztira, eta, horri esker, ia bi mila garraiolarik izan zuten garraioa uzteko aukera, laguntza horiek krisi ekonomiko bete betean jasota. Hurrengo urteetan, aurrekontua murriztuz joan zen: 60 milioi bideratu ziren 2010ean, 42 milioi 2011n, eta 10 milioi inguru ondorengo urteetan, iaz izan ezik, orduan ministerioak kopurua bikoiztea erabaki baitzuen martxoko lanuztearen ondoren.
2022an, Garraio Ministerioak 20 milioi euroko aurrekontu-partida jarri zuen plan horretan, Errepideko Garraioaren Batzordea (CNTC) osatzen duten elkarteekin joan den martxoan lortutako akordioen ondorioz. Horri esker, guztira 648 garraiolarik jaso zituzten laguntzak, baina, tamalez, eskatzaileen % 43 kanpoan geratu ziren, aurrekonturik ez zegoelako.
Aurrekoetan bezala, laguntza hauek jasotzeko baldintzak ez dira aldatu, eta, beraz, onuradun izan daitezke 63 urte dauzkaten garraiolari autonomoak, gutxienez 10 urtean garraioan aritu baldin badira, edota, haien adina edozein izanda ere, eskaera-datan ezintasun iraunkor absolutua, osoa edo baliaezintasun handia aitortuta dutenak. Horiek, beti bezala, lehentasuna izango dute laguntzak jasotzerakoan, baldin eta aurrekontuak ez bada aurkeztutako eskabide guztientzat iristen.