Hiru sindikatuko garraiolari autonomoei ez zaie egokia iruditu Madrileko Gobernuak hartu duen azken erabakia: erregaien igoeraren kaltea arintzeko 10-20 xentimoko hobaria emango zaie Espainiako errepideetan lan egiten duten atzerriko enpresetako kamioiei, hau da, 20 xentimoko laguntza jasoko dute urtarrila, otsaila eta martxoan kontsumitutako litro bakoitzeko eta 10 xentimo apiriletik ekainera bitartean kontsumituko dutenarengatik-
Madrilgo Gobernuak dirutza ordainduko die sei hilabeteotan, deslokalizatutako enpresa horiei. Hiru sindikatuaren ustez, jokabide okerra da, sektoreari min handia eman dioten deslokalizazio enpresak baliatuko direlako laguntzaz; egoitza atzerrira eramatea garraioaren prezioak merkatzeko baliatzen duten enpresak dira, sektorea hondatu eta oso egoera txarrera eraman dutenak.
2022ko martxoko grebaren ondoren jakinarazi zuen Gobernuak hobaria izango zutela garraio astunean ari direnek: Martxora arte litroko 20 zentimo eta ekainera arte 10 zentimo. Azken orduko erabaki honek, ordez, postontzi enpresei mesede egiten die batez ere. Horiek aritu dira laguntza hori erreklamatzen, hilabete hauetan, eta azkenean lortu dute. Gasolio profesionalaren onuradun diren garraiolarien errolda erabili dute eta hobari horrekin batera kobratzen ari dira orain artean astunean dabiltzanak. Orain arte atzerriko enpresek ez zuten jasotzen; orain erabaki du Gobernuak laguntza atzerrikoei ere ematea, eta atzeraeraginezko izaerarekin kobratuko dute. Erabaki hori ez zaie gustatu, oro har, sektoreari, ezta, bereziki, garraiolari autonomoei ere.
Horiek ez dute ulertzen zergatik lagundu zaien diru publikoarekin sektorean postontzi gisa ezagutzen diren atzerriko enpresa horiei. Batez ere Polonian, Lituanian, Portugalen, Bulgarian eta Errumanian dituzte egoitzak, lan eta zerga kostuak murrizteko, nahiz eta asko Espainiako enpresarienak izan eta lan gehiena espainiar errepideetan egin. Kamioiek ez dute inolako lanik egiten herrialde horietan, hemen ari dira. Horrek guztiak zaildu egiten du garraiolari autonomoaren eguneroko errealitatea. Trikimailu horiek erabiliz prezioak jaitsi egiten dituzte eta hemengo garraiolariek ezin dute lehiatu, ezin hain prezio murriztuan lanik egin. Fenadismer elkarteak salatu duenez, jatorria edo helmuga Espainiako Estatuan duen garraioaren ia % 40 atzerriko enpresek egiten dute. Horregatik daude minduta garraiolariak, diru publikoarekin lagundu zaielako, hain juxtu, sektoreko baldintzak okertzearen arduradun eta erantzuleei.