Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Milaka kamioi geldi Britania Handiko errepide bazterretan

Egoera kaotikoa eta anabasa handia izan da Britania Handiko errepidetan. Hainbat garraiolari geldi daude euro-tunelera eramaten dituen M20 autobidean, Europak Covid birusa dela eta mugak itxi eta gero. Frantziar estatura pasatzeko birusaren frogan negatibo ematea eskatzen dute, baina ez dakite non eta noiz egin ahal izango dituzten.

Jose Ramon Irazabal Elorrioko garraiolaria, Doverretik 15 kmra dago; bi egunetan ia ez dute jateko eta edatekorik jaso. Hiruko kidearen iritziz, ilara Londoneraino iristen da. Ez dakite noiz atera ahal izango duten anabasa horretatik, egoera latza da, eta latzagoa eguberri garaia delako. (Zorionez eguberri egunean senideekin etxean bazkaltzeko iritsi zen… Beste askok ez zuten aukera hori izan)

Irazabal astelehenean abiatu zen Birminghamdik etxerantz, baina ez zen mugara iritsi. Ehunka garraiolarirekin batera geldi da Londonetik Doverrera doan M20 autopistan. Hiru bideetatik bat hartuta daukate kamioiek eta bide bazterra ere bai. Erdiko bideak erabiltzen ditu poliziak. Hala ere kexu da jaso duten tratuaz. Bi egunotan behin eman diote ura eta beste behin jateko arroz eta babarrunak. “Ezta kafe bero bat ere”. Errepidean daude ezertarako aukerarik gabe.

Asteartean goizeko 6.00etan esnatu zituen poliziak. Mugara helduko zirela espero zuten, baina bi orduan 300 metro besterik ez zituen egin. Informazio handirik ez dute, Euskal Herritik gehiago jasotzen dute bertakoek emandakoa baino. Hartuemanetan daude etxekoekin eta kargaren zain dagoen enpresarekin.

Aurrekaririk ez duen egoera baten daude eta ez du irtenbide argirik ikusten: “Koronabirusaren arazoa gehitu zaio Brexitari. Harrituta gaude gorantza pasatzen uzten dietelako kamioiei. Horiek ere itzuli beharko dute”. Bera lasai xamar dago Doverretik 15 kmra dagoelako, “soilik”, gorago daudenak zailago izango dute. Dena den ez daki gabonetan etxean izaterik izango duen.