Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

N1 eta A15eko peajea arautzeko aurreproiektu berriari zuzenketak aurkeztu dizkio Hiruk

Gipuzkoako Aldundiak aurkeztu du A15 eta N1 errepideak erabiltzeagatik kamioiek ordainduko duten kanona ezarri eta arautzeko Foru Arau aurreproiektua. Aurreko bi arauak epaitegiek atzera bota ondoren hirugarrena izango da. Hirugarren arauaren aurreproiektu hori atzera botatzeko eskaera egin du Hiru sindikatuak abuztu amaieran, guztira lau zuzenketa proposatu ditu. Abuztuan, opor garaian, zabaldu du Aldundiak alegazioak aurkezteko epea. Juan Antonio Kalzada sindikatuko arduradunak aurkeztu ditu lau zuzenketa proposamenak. 

Lehenego alegazioan, proposatutako sistema diskriminatzailea dela dio Hiruk, “baztertzailea merkantzia-garraioaren sektorearekin, errepidean dabiltzan ibilgailu astunei soilik ezartzen zaielako kanona. Bide-azpiegiturak ondasun publikoak direnez, denok ordaintzen ditugun zergen bidez finantzatuko dira, guztiok baikara horien erabiltzaile. Guztiz bidegabea da azpiegitura publikoen konponketaren kostua sektore ekonomiko bakar batek izatea, beste asko ere ohiko erabiltzaileak direnean. Errepide bidezko salgaien garraioa zerbitzu publikoa da, eta sektore ekonomiko estrategikoa, jarduera ekonomikoaren garapenean funtsezkoa. Errepidean lanean dihardutenei kostu erantsiak kargatzeak ez dio inolako mesederik egiten sektoreari berari eta garraioaren etorkizunari”. 

Bestalde, N1 eta A15 errepideek alternatibarik ez dutela nabarmendu du Hiruk alegazioan: “N1 eta A15 errepideek ez dute doako bide alternatiborik, eta, beraz, garraiolariak ezin saihestu bidesarien gastua. Garraioan dabiltzan ibilgailuei N1 eta A15 errepideetan bidesariak jarrita, saihestu ezineko gastua izango da bide horiek erabiltzen dituzten garraiolarientzat, ez baitute beste errepide alternatiborik erabili ahal izateko. Nahitaez, errepide horiek hartu behar dituzte, eta, beraz, erabiltzeagatik ezarritako kanona ordaindu behar dute, bai ala bai, jakina denean garraiolariek zaila dutela gastu hori fakturan txertatzeko, hau da, gastu hori espresari eta bezeroei pasatzeko; izan ere, bezero horiek, oro har, ez diote gastu horri aurre egin nahi, ez daude ordaintzeko prest, ez dute, gaur egun, garraioaren prezioaren igoerarik onartu nahi. Azken batean, bidesariaren hileroko gastu hori garraiolariaren irabazia jaten ari da”. 

Hirugarren eta laugarren alegazioetan, bidesariaren kostua eta prezioa jorratzen dira. “Aldundiak proposatutako sistemak inbertsio ekonomiko neurrigabea eta alferrikakoa dakar, lurraldeko zergadun guztiek ordainduko dutena. Zentzugabekeria handia da jarri nahi den kobrantza-sistema erraldoia, gutxienez 32 kontrol-aparatu, N1 eta A15 errepideetako sarrera edo irteera bakoitzean bat, gehiegikeria. Garraiolariek ez dituzte sarrera eta irteera guztiak erabiltzen, horietako asko noizean behin bakarrik. Auzitegiek behin eta berriz esan dute baztertzailea dela N1 eta A15ean kamioiei bidesaria jartzea; bertan behera utzi dituzte, atzera bota, 2018an sistema ezartzeko eta ordutik aurrera berori arautzeko abian jarritako foru-arauak. Beraz, zalantzan da sistema osoa, bai funtzionamendu “anormala” eta baita egindako inbertsio “alferrikakoa”, gipuzkoarrek ordainduko dutena zerga bidez. Orain, berriz ere, ahalegin ekonomiko erraldoia proposatzen dute diru-publikoarentzat, aurrekoa baino inbertsio nabarmen handiagoa. Denon dirutik ordaindu beharko dira, besteak beste, 32 kontrol-aparatu, horiek jartzeko lana, kudeatzeko beharrezko egitura personal eta informatiko zabala… azken finean, gure ustez sistema ez da justua, bere etorkizuna zalantzan dago eta beraz burugabekeria handia da hainbesteko dirutza horretan erabiltzea”. 

Laugarren alegazioan esaten denez, “zaila da justifikatzeko kilometro bakoitzeko ordaindu beharreko zenbatekoa. Prezioak neurriz kanpokoak dira eskainitako zerbitzurako, eta aurreko bi foru-arauetan ezarritakoarekiko igoera ez da oso ulergarria. Proposatutako prezioak erabat puztuta daude, orain artean “irregularki” ordaintzen zenaren bikoitza ordainduko da, antzeko ibilbidearengatik. Diru-sarrera horien helburua, N1 eta A15 errepideen mantentze-kostuak ordaintzea bada, harrigarria da, errepideak konpontzeko lanek eragindako gastu horiek bai orain, bai 2018tik gaur arte, antzekoak izanik, tasa hiru urte hauetan bikoiztu izana, ez da sinesgarria, ezin erraz ulertu. Horregatik guztiagatik, argi dago arau horien izaera eta erronka nagusia, diru-bilketa dela; garraiolariarentzat bazterketa eta zigorra izateaz gain, arau berean jasotako helburuaren aurkakoa da”.