Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Nafarroako Auzitegi Nagusiak Lodisnaren iruzurra berretsi du

Nafarroako Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Lodisnaren aurkako zigorra, autonomo faltsuak baldintza kaxkarretan kontratatzeagatik eta Gizarte Segurantzari iruzur egiteagatik. Herrialdeko auzitegi gorenaren ustez agerian daude jokabide makur horiek. 2019ko ekainean salaketa jarri eta 4.304.657,69 euro eskatu zizkion Lodisnari Lan Ikuskaritzak, 580 langile Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean alta eman gabe eta zegokien kuota ordaindu gabe jarduteagatik. Orain, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak berretsi egin du epai hura eta beraz, Lodisna garraio-enpresaren eta Urbiola kooperatibako 580 garraiolarien arteko lotura aitortu.

Lodisnak 580 autonomo faltsu baldintza kaxkarretan zituela erabaki zuen 2021ko urrian Iruñeko Lan Arloko 1 zenbakiko Epaitegiak. Horrela arrazoia eman zion Gizarte Segurantzari. Epaiak Lodisna SL garraio enpresa nafarrak berarentzat lan egiten zuten autonomo faltsuak baldintza kaxkarretan zituela egiaztatzen zuen, besteak beste, astelehenetik igandera lan eginaz, ordaindutako oporrik gabe eta kamioian bertan lo eginaz. Gizarte Segurantzak 4,3 milioi euro erreklamatu zizkion Lodisna SL garraio enpresa nafarrari, kotizazio sozialak aurrezteko asmoz autonomo faltsuen iruzurrezko erabileragatik eta arrazoia eman epaitegiak.

Epaiak “bazkide gidariek” zituzten baldintza prekarioak jaso zituen: besteak beste, trakzio-buruetan lo egiten zutela, astelehenetik igandera lan egiten zutela, oporrik, aparteko ordainsaririk edo antzinatasunik gabe. Izan ere, bazkide kooperatibista horietako asko Transilvaniatik (Errumania) zetozen, eta Nafarroara iristen ziren, Ryanair-etik Zaragozara zihoan hegaldi batean. Han jaso eta Garraioaren Hirira eramaten zituzten, 2021eko urrian ezagutzera eman zen epaiaren arabera.

Epaiketan egindako frogetatik epaitegiak ondorioztatu zuenez, gidariek “ez dituzte lanpostu egonkorrak eta kalitatezkoak lortzen, baizik eta lanpostu prekarioak eta besteren konturako langile gisa lor litzaketenak baino baldintza eskasagoetan: astelehenetik igandera egiten dute lan, lurreko garraioari buruzko araudiak ezartzen dituen atsedenaldiak soilik errespetatuz; ez dute baimen ordaindurik, ezta ordaindutako oporrik ere”; 

Epaitegiak uste du lan-harremana zegoela Urbiola kooperatibako 580 langileen eta Lodisnaren artean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ikuskapen-jarduera bete eta ondoren demanda aurkeztu zuenean uste zuen bezala. Magistratuaren testuak ondorioztatzen zuenez, “Nahikoa zantzu daude egiaztatzeko Urbiola kooperatiba Lodisnako orduko bazkide bakarraren eta administratzaile bakarraren ekimenez eratu zela, azken enpresa horren mesedetan, eta ez bazkide kooperatibisten mesedetan.”