Hiru sindikatuko garraiolari autonomoek bat egin dugu lan, pentsio eta bizi baldintza duinen aldeko mobilizazioetan, asteazkenean, abenduaren 1ean, goizean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin diren manifestazioetan, eta arratsaldean beste hainbat hiritan egindakoetan. Goizeko 11.00etan hasita Donostian burutu den manifestazioaren ondoren, Hiruko Jon Altunak hartu du hitza Euskal Herriko garraiolari autonomoek lan pentsio eta bizi baldintza duinen aldeko konpromisoa aldarrikatzeko, “hain juxtu gure sektorean baldintza kaxkarrak, zailtasunak, gabeziak eta etorkizunari begira ziurgabetasuna ugaritzen ari direnean”.
Euri zaparradak egin dituen arren, ehundaka langile elkartu dira manifestazioan. Hiruko ordezkariak gogoratu du, oro har, langileen zapalkuntza handitu dela, “euren baldintzak estutu dira, langileriaren hainbat urtetako borrokari esker lortutako eskubideak murriztu nahi dituzte eta agintarien asmoak zein erreformak mamitzen badira, oraindik gehiago estutuko eta murriztuko dira“… Hain juxtu, garraioan gertatzen dena azaldu du. “Lan baldintza duinak ez dira errazak merkatuak garraio merkea eskatzen duen garaiotan. Ez da berria, aspaldiko kontua da, errepideko langileen baldintzen bizkar lortzen dituztela enpresa handiek irabaziak, garraioa aspaldiko prezioetan mantenduta. Eta garraiolari autonomo txikiek ezin dute horrela segi. Garraiolarien kostuak handitzen dira, gasolioa oso garesti dago, bidesari berriak jartzen zaizkie, dena doa gora, baina ez da igotzen garraioaren prezioa, azken finean faktura ez bada gastuen maila berean hazten, garraiolariaren irabazia jaten ari da eta, ondorioz, euren bizi baldintzak eurak ere kaxkartzen dira, tamalez“.
Enpresa handientzat lan egiten duten hainbat garraiolari eta gidarik jasaten dituzten baldintza kaxkarrak gogoratu ditu Altunak: ”Batzuek ederki aberasten ari dira besteak zapalduz; onartezinak diren baldintzatan lan egitera eta bizitzera eramanaz. Nork ez daki kamioietan lo egiten dutela garraiolariek, egun bertan egiten dituztela otorduak, nork ez ditu errepideetako parkinetan ikusi etxean prestatua edo supermerkatuetan erositakoa berotu eta bertan jaten, kamioian bizi dira, baldintza oso txarretan garraio enpresa handientzat lan egiten duten gidari asko. Eta enpresa handi horiek merke lan egiten dut jokabide horri esker, gidari horiek estututa, eta bide batez, prezio horietan lan egitera behartuta dauden garraiolari autonomoen geroa kolokan jartzen dute. Arrisku handiak dira garraioan, bai lanbideari dagokionez errepidean lan egiten dutelako, eta bai inbertsioari dagokionez. Dirutza behar da hasteko eta gaur egun ez dago aurrera egiteko baldintzarik”.
“Ondorioz ez da garraioan etorkizun oparorik, zahartu egin da sektorea, gazterik ez dabil kamioian. Ekonomiarentzat, ezinbestekoak direla diote, baina urte hauetan Administrazioak ez die laguntzarik eman, jokabide makur eta onartezinen aurrean beste aldera begiratu dute, ez dira kontrolatu eta, egoera oso larrian da sektorea. Horregatik eskatzen ari gatzaizkie, Euskal Herriko garraio sarea zaintzeko, garraioa merkatu eta kostuak gutxitzeko erabiltzen dituzten, kooperatiba faltsu, azpikontratazio eta beste trikimailuak kontrolatzeko, fakturetan gastuen gorabeherak isladatzeko neurriak eta, oro har, gizarteak zein enpresek behar dituzten material eta produktuak garraiatzen ari direnen babesa“ jarraitu du Hiruko ordezkariak.
Garraiolari beteranoentzat erretiratzeko laguntzak eta gazteentzat trebakuntza eskatu ditu Hiruk: “Argi da lanbide gogorra dela garraiolariarena. Laguntzak eskatzen ditugu garraiolariak 60 urterekin erretiratzeko aukera izan dezaten. Eta gazteei leku egin, garraiolari berriei bide eman. Horretarako ez legoke gaizki Lanbide Heziketan garraioan trebatzeko goi mailako zikloak antolatzea. Baina, gazteak garraioan hasi daitezen lan baldintzak hobetu beharko dira. Gurea horrela izanik, oro har, egiten diren politikak irauli behar dira, norabidez aldatu. Inork ez dezan baldintza kaxkarretan lanik egin; denok bizi baldintza onak eta jubilazio duin bat ziurtatua izan dezagun“.