Hiru emakume indartsu eta bizi dira, Puy Amatriain, Ana Tello y Rachida Bouaouda Harradi. Gizonezkoak nagusi diren sektorean ari dira, garraioan, alegia. Gidatzea oso gustuko duten arren, hiruengan eragin du “garraioaren egoera tamalgarriak”. Ana Tellok utzi egin zuen, baina barruko harrak bus eta tren gidari izatera eraman du. Puy Amatriain eta Rachida Bouaoudak jarraitzen dute, baina garai batean baino motelago.
Rachida Bouaouda Harradi
Izen egokia, Nora, garraiolariaren
alabarentzat eta kamioiarentzat
Abentura sena dauka Rachida Bouaouda Harradik. Gidatzeak txoratzen du, jubilatutakoan ere ez omen da etxean geratuko, ez du bolantea berehala utziko: “Ez dakit nora joango garen”, baina norabait bai. Hori argi dauka. Nora da bere alabaren eta kamioiaren izena, izen egokia benetan garraiolari sendi batekoa izateko: “Arabiarrez argia esan nahi du”. Londonen bizi da alaba.
Bide bera izan arren bidai denak desberdinak direla dio Rachidak. Eta berriro 25 urte izanez gero, berriro kamioia gidatzeko karneta aterako lukeela. Ondo gogoratzen du Turinera egin zuen lehenengo bidaian gertatutakoa: “Jendarmeak gelditu ninduten bueltan nentorrela. Frantsesez ondo mintzatzen naiz. Gida-baimena eta diskoak eskatu zizkidan. `Bakarrik?´ galdetu zidan. `Bai´. Eta berriro `Bakarrik?´gida-baimenean data adieraziz. Bi hilabete zituen”.
Gutxiena gustatzen zaiona garraioaren egoera da. Adiskidetasun eta humanismo gehiago eskatzen du. Ez dadila inor tarifa merkeagoarekin etorri bertako bati lana kentzera.
Bost kamioi izan dituzte senarra eta biek osatu zuten SLan. Bana gidatu dute beti. Orain, garraioa gainbehera dela, kamioi bana besterik ez dute eta ez dira kanpora joaten. Talde horretan azkena izan da Rachida GPSa jartzen. Kale izendegiarekin ondo moldatzen zen. “Fidagarriagoa da”.
Sekula beldurrik izan duen galdetuta, ezetz dio, “ez dakit zer den hori, hainbat errepide bazterretan lo egin dut, emakume izateagatik ez naiz arduratu, horri begiratuz gero ez genuke lanik egingo, ezta gizonezkoek ere. Hori bai, beti esaten dut, atera ateratzen garela, itzuliko garen jakin gabe. Bizpahiru aldiz lapurtu didate, baina ez nintzen kamioian”.
2003an joan zen aurrenekoz, Marokora lanera. Han, mutilek, Unibertsitate ikasketak bukatu, eta, lanik ez baldin badute, aukera daukate kamioi baimena ateratzeko. Orduan emakumeek ez zuten eskubide hori. Joan etorri hura egin zuenean, egunkari batean ere atera zen, Marokora trailerra gidatzen sartutako lehenengo emakumea zen. Ordutik lizentziatutako emakumeek ere badaukate kamioia gidatzeko baimena eskuratzeko aukera.
Marokora lehen bidai hartan denetarik izan nuen, gizonezko batzuek aurreratu eta iraintzen saiatzen ziren. “Baina ari dira kontuak aldatzen, azkenaldian ikusi ditut emakumezkoak gidari, kamioietan ere bai”.
Ana Tello
Bizipen ugari zazpi urtetan
Bizipen ugari kontatu dizkigu Ana Tellok. Kamioitik kamioira ezagutu zuen Karlos bere bikotekidea. Emisorean bilatzen zuen, eta aurkituz gero, behin uhinen bidez elkartzen zirenean, lauzpabost kanal jaisten zituzten intimitate bila, baina beste garraiolariek ere bai… kuxkuxeatzeko, zurrumurrua beti zurrumurru. “Oro har, maitasunez hartu naute beste garraiolariek eta pozik jardun naiz”. Usurbilgo gidari bikoteak badu beste lagun garraiolari bat, Pello, eta berak eraman zuen Ana ezkontza egunean kamioian.
Ez dira emakumezko garraiolari asko baina ez zen horregatik kikiltzen. “Enpresa askotan ni han ikusi arren ez zuten pentsatzen, edo ez zuten sinistu nahi, kamioia nik eraman nuenik, eta esaten zidaten, `esan zure senarrari kamioia bota dezala atzera kargatzeko´ barre egiten nuen nirekiko eta erantzun, `nire senarra? Bakarrik etorri naiz’. Askotan hala ere ez zuten sinisten, edo ez zuten sinistu nahi”.
Zazpi urtetan aritu zen Ana aitaren kamioi zaharrarekin. “ondo igotzen zituen aldapak, asto baten martxan, poliki, gero jaitsi, ahal izanez gero hutsik, badaezpada, ez zuen frenatzeko txitxa handirik”.
Xabi anaiak erakutsi zion gidatzen, “hasiberriak hasiberriari, egun batetik bestera. Kamioiek ere eraman beharko lukete `L´a, atearen tamainakoa jarriko nieke nik, beste gidariek ikusi dezaten”.
Puy Amatriain
Kamioia gidatzeko gaimena atera aurretik,
kamioneta batekin hasi zen Puy Amatriain
Kamioi txiki batekin hasi zen garraioan lanean, autoa gidatzeko baimena soilik zuela. Gero atera zuen kamioia gidatzeko baimena eta hainbat urte eman ditu hemen eta kanpoan lanean.
Puy Amatriainen senarrak super trailer bat gidatu zuen Estatu Batuetan. Orain auto pilotu bat gidatzen du garraio enpresa batentzat. “Herrialdea ez zitzaion gustatu, baina astero kobratzen zuten. Hemen esan didatenez batzuei sei hilabetetara. Ez dago eskubiderik, hori ez litzateke onartu behar”. Garraioak bizi duen egoerarekin kezkatuta dago. Gainera Covid19aren krisia etorri da. “Hori ondo daramat, lorategia daukat etxean eta “aitonarekin” (kamioia) paseatzen dut. Penagarria eta tristea, izugarrizko bizitasuna zuen poligonoa horrela ikustea da. Besterik ez da entzuten, honek itxi egingo du, hark ere bai…”
Baditu emakumezko lagun garraiolariak, gutxi. Berriki, ikastaro batean horietako batekin topo egin eta poxa hartu zuen. Normalean bakarrik gizonezkoak egoten dira. “Zoriontsu eta pozik lan egin dut, dena den, gizonezkoen artean. Errespetuz hartu naute, oro har, beti egon da leloren bat, baina ez dut gertaera aipagarririk izan”.
“Behin, Lazkaoko poligonoan kargatzekoa nintzen eta geldirik egon ezin naizenez, eskoba pasatzen ari nintzen. Batek zera esan zidan, `horrela, horrela, denak horrela ariko bazinete bai’. Segituan erantzun nion, `kabendio, berriro horrelakorik esaten baduzu ipurtzulotik sartuko dizut´. Ez nuen gaizki hartu, esan nion eta denok barre egin genuen. Ez dut uste benetan esan zuenik. Ni neu ere irekia naiz eta horrek laguntzen du”.