Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Protesta Lanbarrenen bere kamioian hilik topatu zuten gidariaren heriotza salatzeko

Oiartzungo Lanbarrenen Garraiolari bat hilik aurkitu zuten astelehen goizean bere kamioiaren kabinan. Botrans enpresarentzat aritzen zen lanean, karga baterako DSV enpresak kontratatu zuen. Goizaldean abiatzekoa zen, baina goizean aurkitu zuten hila bere kamioiaren barruan bakardadean.

Aipagarriak diren zenbait kontu, lan istripuen inguruan oro har, eta konkretuki garraiolariek lan istripuei buruz. Astelehen goizean Oiartzungo Lanbarren poligonoan kamioian hilik aurkitu zuten garraiolariaren heriotzarekin aurten 50 dira lan istripuetan Euskal Herrian hildakoak. Zenbaki borobil bezain madarikatua. Lan istripuen odol jarioak ez du etenik. 50 horietatik zortzi dira garraiolariak, azkenengo biak, gehituta, Elgoibarren kamioia A8tik erorita hil zena eta astelehenenean Lanbarrenen aurkitu zutena. Hilero garraiolari bat hil da Euskal Herriko errepide eta industrialdeetan. 

Horrelakoetan batetik gure elkartasuna adierazten diegu hildakoaren senide, lankide eta gertukoei,  horrelako une eta gertaera latzak berriro gerta ez daitezen agintariei lan baldintza kaxkarren aurkako neurriak eskatzearekin batera.  

Kasu honetan, urrutikoa zen gidaria, Europa ekialdeko 52 urteko gizasemea, nazioarte mailan ibilbide luzeko lanak egiten zituena. Gero eta estuagoa da garraiolariaren lana. Enpresen eragindako presio eta presak estresa sortzen dute, baita atsedenaldi eta gidaldien arauaren ezaugarriek eta, oro har, bizimodua aurrera ateratzeko sektorean diren zailtasunek, azpikontratazioak, lanaldi luzeek,…

Bihotzekoak jota bidean geratzen diren garraiolarien kopurua handia da. Maiatzean bi hil ziren, abuztuan bat. Eusko jaurlaritzak du hemen erabaki politikoaren ardura. Lan ikuskaritzara indartu beharko luke, baldintza kaxkarrak saihesteko, arauak betetzen ez dituztenak zigortzeko. Garraiolarien bizitza dago jokoan. 

Garraiolarien heriotza gehienak lan baldintza kaskarren ondorio dira. Tentsio eta estres mailak bihotzean arazoak eragiten ditu. Horregatik, diogu, garraiolarien artean gaitz kardiobaskularren kopuru, ondorio eta eragin handia aintzat hartu beharko litzatekeela lan osasun eta prebentzio betebeharretan. Azken finean lan jardunaldi luze eta estuen edota enpresek eragindako presa eta presioen ondorio dira gertaera hauek.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta ENHE sindikatuak berriro ere bat egin dute, garraiolarien lan istripuak salatzeko, gaur eguerdian Oiartzungo Lanbarren poligonoan. Kasu honetan, ez da trafiko istripua izan, beste behin hilik aurkitu dute garraiolaria bere kamioan, bakar bakarrik zela. “Lan istripu gehiagorik ez, prekaritatea hiltzailea” dioen pankarta hartuta, kontzentrazioa egin dute sindikatuek DSV enpresaren aurrean. 

Bihotzekoen eragin handia da garraioan. Salagarria da bihotzeko gaitzek garraiolarien osasunean duten eragin handia. Badakigu istripu horietako asko ofizialki heriotza naturaltzat hartzen direla. Sindikatuek behin eta berriro salatu dute, garraiolarien lan-istripuen estatistikak murrizten saiatzen direla, askotan heriotzak heriotza natural edo errepideko ezbehar gisa hartuta. Dena den, horrelako gertaerak, sindikatuen ustez, zalantzarik gabe, lan-istripuak dira. 

DVS enpresako lankideak ere batu ziren agerraldira. Guztira ordu erdi egon ziren enpresa aurrean pankartaren atzen.